2014(e)ko abenduaren 24(a), asteazkena

ARKATZAK ERDIRA TEKNIKA

Arkatzak erdira teknika taldean lan egiten ikasteko oso aproposa da, edozein motatako lan edo jarduerak aurrera eramateko balio du eta. 

Lehenengo eta behin, irakasleak umeei ariketa bat proposatu beharko die. Taldekideek ariketari hasiera emateko, "arkatzak erdira" esango dute. Orduan, taldeko ikasle guztiek arkatzak mahai gainean jarriko dituzte. Momentu horretan hitz egin eta entzun daiteke, baina ez, ordea, idatzi. Ikasleek, txandaka, ariketa edo arazoa ebazteko iritzia eskainiko dute. Hortaz, taldekideak ados jarri behar dira eta guztiek prozedura ulertzen dutela egiaztatu behar dute. Ondoren, ikasle bakoitzak bere arkatza hartu eta ariketari erantzungo dio. Une horretan ezin da hitz egin, idatzi baizik. Gauza da umeren batek ariketa egitean zalantzarik badauka, "arkatzak erdira" eskatuko duela berriro. Orduan, taldekide guztiek idazteari utzi egingo diote, eta guztion artean zalantza argitzen arituko dira. Zalantza argitu eta gero, berriro ere idazteari ekingo diote. 




Aipatu beharrekoa da, teknika horrekin taldekideak lan egiteko erritmo berdinera joan behar direla. Beraz, ezin dute ariketa bat hasi guztiak aurrekoa amaitu arte. Nahiz eta ikastalde batean erritmo desberdinak izan, teknika horren bitartez, ikasleek taldeka lan egiten ikasten dute, denak errespetatuz eta denok besteengandik ikasiz. Gainera, "arkatzak erdira" esapidearen bitartez, lankideari laguntzea arau bihurtzen da. Bestetik, saioa bukatu ostean, komenigarria da irakaslea talde desberdinetatik pasatzea, zer egin duten ikuskatzeko, eta arazoak edo zalantzak agertu badira, horiek konpontzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina