2014(e)ko abenduaren 10(a), asteazkena

SIR KEN ROBINSON. Por qué las escuelas matan la creatividad.

Gaur zuekin bideo bat partekatu nahi dut. Hogei minutu irauten du, baina Sir Ken Robinsonek hitz egiteko duen erraztasunaren ondorioz, ez da luze egiten. 



Egia esan, gehien harritu zaidana dantzariaren istorioa da. Azkenean, neska horrek bere talentua aurkitu zuen, dantzari arrakastatsua bilakatuz. Hala ere, bere talentua galtzear egon zen. Zergatik? Txikia zenenean eskolan arreta galtzen zuenez, defizit bat zuela pentsatu zuten, erritmo, talentu eta inteligentzia mota desberdinetan erreparatu gabe.

Horretatik hainbat ondorio atera daitezke. Agerian dago eskoletan umeek askotan ez dutela aurkitzen zer gustuko duten. Hots, askotan ez dute euren talentua aurkitzen. Sir Ken Robinsonek hau guztia hezkuntza-sistemari leporatzen dio. Izan ere, munduko hezkuntza-sistema guztietan matematikak eta hizkuntzak maila gorenean duade, garrantzi handiena izanik. Gero, gizarte zientziak eta letrak, eta azkenik, arteak daude. Horrez gain, artean ere azpimailak aurki ditzakegu: lehenengo, musika eta pintura, eta ondoren, dantza eta arte eszenikoak. Hori munduko hezkuntza-sistema guztietan ikus dezakegu. Beraz, orokorrean, eskolan arrakasta lortzen duten umeak matematiketan eta hizkuntzan dira trebeak. Besteak, ordea, baztertuta geratzen dira eta euren talentuak desaprobetxatzen dituzte. 

Bestalde, gaur egun eskolan ezberdinak diren hainbat umeri gaixotasunak diagnostikatzen dizkiete: hiperaktibitatea, arreta defizita... Arazo honen aurrean, Robinsonek dio eskoletan beti estandar batekin lan egin dela, eta estandar horretatik urrun daudenei gaixotzat hartzen dituztela. Baina argi izan behar dugu ume guztiak ez direla berdinak, eta guztiek ezin dutela ikasi erritmo berdinean. Ume bakoitza ezberdina da, bere gustu pertsonalak ditu eta ikasteko erritmo desberdina du. Hori errespetatu behar da. 

Bestetik, Ken Robinsonek dio eskoletan ez erratzera irakasten digutela. Eskola tradizionalean benetako ezagutzak transmititzen dira, egiazkoak, eta azterketetan zein ariketetan erantzun oker eta egokiak daude. Hau guztia ikasgela baten egunerokotasunean ikus dezakegu. Gainera, horrekin sortzen duguna da ume batek erratzeari beldurra hartzea. Eta hori arazo larria da; gauza berriak sortzeko erratu behar gara, erratzea beharrezkoa da. Bestela, sormena hiltzen dugu.

Azkenik, Robinsonek dio ume guztiak talentu batekin jaiotzen direla, baina gehienek talentua haurtzaro edo nerabezaroan galtzen dutela. Lehen aipatu dudanez, eskola tradizionalean lan egiteko modu bat gauzatzen da, eta matematikarako eta hizkuntzarako adimenak dira erabateko garrantzia hartzen dutenak. Hortaz, beste adimen mota bat dutenek zailagoa dute eskolan arrakastatsuak izateko, ez dute euren talentua aurkitzen eta baztertuta sentitzen dira. Howard Gardnerrek dio zazpi adimen mota daudela, beraz, zergatik eskoletan ez diote adimen mota guztiei garrantzia bera ematen?

Amaitzeko, batzuk pentsatuko duzue ea horrek zerikusia duen ikaskuntza kooperatiboarekin. Egia esanda, asko. Ikaskuntza kooperatiboaren bitartez, ume desberdinen arteko interakzioa gauzatzen da. Beraz, ariketak eta proiektuak aurrera eramateko, ikasleen adimen mota desberdinak kontuan hartzen dira, ikuspegi desberdinak aintzat hartuz. Gainera, irakasleak ez du ezagutzak transmititzen, baizik eta umeei euren ikasketa-prozesuan gidatzen die. Hortaz, ikasleak esperimentazioaren bitartez, eta hainbat akats egin ondoren, gauza berriak sortzera ailegatzen dira. Hori dela eta, ikasketa kooperatiboa aurrera eramatean, eskola tradizionaleann dauden estandarretatik urruntzen gara. Izan ere, metodologia berri honekin ume guztiak euren ikasketa-prozesuaren protagonistak dira, eta dibertsitateari esker, talde osoa aberasten da.

2014(e)ko urriaren 23(a), osteguna

GELA TRADIZIONALA VERSUS GELA KOOPERATIBOA

Ikasketa kooperatiboa aztertzen hasteko, gela tradizionala eta gela kooperatiboa alderatuko ditugu.

GELA TRADIZIONALA

Ohiko gela hiru printzipioetan oinarritzen da: indibidualtasuna, homogeneotasuna eta pasibotasuna.

Indibidualtasuna
Ikaskuntza prozesu indibiduala da, non faktore kognitiboek garrantzia nagusia hartzen duten, irakasle-ikaste prozesuaren dimentsio afektiboa alde batera utziz. Gainera, nahiz eta umeak ikasgelan elkarrekin egon, euren arteko interakzioa saihestu behar den distrakzio bat bezala ikusten da. Hau da, ikaskideak ez du ekarpenik egiten, eta ikasketa-prozesua okertzen du.

XX. mendeko gela

Homogeneotasuna
Eskolak pertsonak orokortzea bilatzen da. Esan beharrekoa da, taldekatzea ideia honetan oinarritzen dela: adin bereko umeak berdinak dira, modu berean eta aldi berean ikasten dute. Bestetik, adimena ezaugarri indibidual, uniforme eta zenbatu daitekeen zerbait bezala ulertzen da. Horrez gain, irakasleak taldea homogeneoa balitz bezala jarduten du. Alegia, esku-hartze pedagogikoa eskema batean oinarritzen da:
o   Azalpena
o   Aurkeztatukoaren memorizazioa
o   Memorizatuaren azterketa
o   Emaitza

Pasibotasuna
Ikaslea hartzaile pasibo bihurtzen da: irakasleak dioena entzun, bereganatu eta errepikatzen du. Hortaz, memorizazioa da nagusi. Alde batetik, ikasleak ez du bere ikasketa-prozesua kontrolatzen: ez daki bihar irakatsiko diotena ezta zergatik irakasten dioten hori ere. Bestetik, ezagutza azkeneko eran erakusten da. Hots, liburuan dagoena ikasleak aurkitu ahal duena baino askoz garrantzitsuagoa da. Beraz, garrantzitsuena, egiazkoa, behin betiko aurkitu da. Hori dela eta, liburua irakas-ikasketa prozesuaren elementu nagusi bihurtzen da.

Hortaz, ondoriozta dezakegu, irakaslea dela benetan ikasten duena: iturriak kontsultatu, informazio nabarmena hautatu, laburtu eta aurkezpen oral egiteko prestatu, azaldu eta galderak erantzuten ditu.














XXI. mendeko gela. Gure gelak aldatu dira? Zein ikaskuntza mota jasotzen ari dira gure ume eta gazteak?

Ikasketa-ikusmolde tradizionalaren aurrean, hezkuntza-esperientziatik ikusmolde berri bat sortzen da: ikasketa kooperatiboa.

GELA KOOPERATIBOA


Gela kooperatiboa ikasleek talde txikietan parte hartzean oinarritzen da. Metodologia honen bitartez, ikasle bakoitzak daukan jakintza guztia taldeari esakaintzen dio, eta besteen ezagutzak jasotzen ditu. Hau da, ikasketa kooperatiboa taldeko kide guztien artean adostutako helburu zehatz batzuk lortzean datza, elkarrekin lan eginez, guztiontzako emaitza onuragarriak lortzeko. Ulertu beharra dago, gela kooperatiboan batek irabazten badu denok irabazten dugula.

Gela kooperatiboa lortzeko, irakaste-ikaste prozesuan parte hartzen duten elementuen antolakuntza kontuan hartu behar dira, hezkuntza-estruktura egokia lortzeko: irakaslearen funtzioa, gelaren antolaketa...

Azkenik, aipatu beharra dago, ikasketa kooperatiboa prozesu elkarreragilea dela, talde heterogeneoetan oinarritzen dena. Horrela, elkar laguntzen dute, ezberdinen arteko errespetua eta elkartasuna indartuz.

IKASKETA KOOPERATIBOAREN HASIERAKO IDEIAK

Ongi etorri!!!! Hau da nire blogaren lehenengo sarrera.

Ikasketa Kooperatiboarekin hasi baino lehen, horri buruz hausnartzea komenigarria dela uste dut.

Zer da ikasketa kooperatiboa? Zertan oinarritzen da? Nola dago antolatuta gela kooperatibo bat? Gela tradizionalarekin alderatuta, zeintzuk dira ezberdintasunak? Lehen Hezkuntzako gela batean nola jar dezakegu martxan metodología berri hau?

Horrekin batera, bideo bat txertatuko dut, lan kooperatiboari buruzko hasierako ideiak izateko.